Imagen Cabecera

Euskera ı Español





Imagen Lorea








Imagen Lorea



















Imagen Andres

Cia. LiA



“Batzuetan bide batetik abiatzen gara, jakin barik aspaldi daramagula bidea egiten…”


Cia.Lia konpainia gaztea da, bat-batean sortu zena. Bizitzako bat-egite bat, aldiberekotasun artistiko bat, ideien truke batek partaideen arteko ikuspegi bateratsu bat zuen ortzmuga marraztu baizuen…; Lorea Ibarrondo, EHUko unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatua, dantza garaikidean, klasikoan eta ekialdekoan aditua, baita interpretazioan ere; eta Andrés Cortés, aktorea, idazlea, poeta, bakarrizketaria Dantzerti Arte Dramatikoan bere formazioa jarraitzen duena.

Biek bizi dute artea bokazioz eta ikuspegi bateratsua dute non dantzaren eta antzerkiaren muga ez dagoen argi. Ikuspegi horren baitan hitza, ahotsa eta mugimendua euren lan artistikoen oinarriak bilakatzen dira, materiazko mundu sistematikoaren eta barneko unibertsoaren arteko zubia proposatuz, konpainiaren kode-artistikoa zehazten duen ametsezko atmosferaren barruan.


Lorea Ibarrondo



Ez naiz akordatzen noiz deskubritu nuen dantza, eta ez dut argi ikusten zergatik naraman oraindik bide honetan, luzaro ibili dudan bidean, eremu magnetiko arin baina konstante batek erakarrita banengo bezala. Su geldoan kozinatzen diren jakien lasaitasunarekin, urteak pasatu eta oraindik kostatu egiten zait dantzari naizela sentitzea. Seguruenik, arrazoia da nola ikusten dudan zer den dantza. Gauza sinpleetan dagoen poesia higikaria: astiro ibiltzea, agur esatea eskua airean inarrosita, kafean azukrea bota eta koilaratxoari eragitea... 

Plastikaren, literaturaren, musikaren… bitartez azaleratzen da artea. Nire adierazpen modua, berriz, mugimendua da. Euskal Herriko Unibertsitatean eskuratu nuen lizentzia, Arte Ederretan, eta apurka-apurka ibilbidea egin dut neure burua prestatzen: dantza klasikoan, dantzan garaikidean eta Ekialdeko dantzetan; betiere, sorkuntza adierazpide berrien bila.

Madrilen luzaro egonda, hainbat dantza konpainiatan hartu nuen parte, eta ondoren lehen pausoak eman nituen produktore, zuzendari laguntzaile eta dantzari-sortzaile modura. Dantzen ikerketatik eta praktikatik abiatuta mugimenduarekiko eta gorputzaren kontzientziarekiko interesa piztu, eta hainbat terapia eta ariketa deskubritu ditut, autokontzientzia garatzeko eta gorputzari sendo eta osasuntsu eusteko. Horrela heldu nintzen pilatesera, yogara, Ekialdeko dantzetara eta bestelako diziplina batzuetara; gorputz jarreretan hezteko, erlaxatzeko eta meditatzeko egokiak denak.

Bilbora itzulita, konturatu nintzen guztiz lausoa dela dantzaren eta antzerkiaren arteko muga. Gaur egun, Kabian ari naiz interpretazioa ikasten, eta jarraitzen dut bai irakasle lanetan, bai sorkuntza lanetan.


Andrés Cortés


Txiki-txikitan hasi nintzen harremanetan artearekin. Haur hark gauza sinpleetan aurkitzen zuen edertasuna, eta artistarik zaratatsuenen mistikarekin egiten zuen bat. Baina barneko mundu hori bigarren mailara bazterrarazi zuten baliabide ekonomikoen urritasunak, kultura eraginak eta neure buruaren kontzientzia faltak. Hala eta guztiz ere, hainbat eta hainbat bidetatik azaleratzen ziren jakingura eta interes haiek. Hala, oso gaztetan hasi nintzen poesia idazten, eta jarraitzen dut poesiarekin oraindik ere. Kolonbiako (nire sorterria) kultura ondareari esker, ipuinekiko interesa piztu zitzaidan. Gaur egun, neure istorioak idatzi eta kontatu egiten ditut; besteak beste, nire bi bilduma hauetakoak: Aeroplano para un sueño sin alas [Hegorik gabeko amets baterako aeroplanoa] eta Érase una voz [Bazen behin ahots bat].


Espainiara heldutakoan, umorezko monologoen esparruan sartu nintzen, eta lantegi horretan, zenbaitetan, irribarreak –eta bai barre-algarak ere, tarteka– pitzarazi dizkiot bizipoz gosez egoten den publikoari. Ibilbide honetan proposamen literario eta eszenikoak garatu ditut, antzezlanetarako gidoiak, antologia poetikoa, gogoeta artikuluak, eta aktore gisa aritu naiz film laburretan eta bideoklipetan. Edonola ere, ez zitzaidan nahikoa iruditzen autodidakta izatea, eta arte eszenikoak ikastea erabaki nuen. Hala, konturatu nintzen artearekin nuen harremana bokaziozkoa zela guztiz, eta, beraz, merezi zuela serio hartzea.


“37 urterekin berandu zabiltza ikasten hasteko”…: halaxe zioten ahots batzuek, baina artistok lotura estu-estua daukagu eromenarekin, eta ez entzunarena egin nien zenbait izaki arrazional eta zentzudunen aholkuei.


Licencia Creative Commons © Cía. LiA